679 934 888 aeunanue@gmail.com

Alergia ala intolerantzia?

 

Alergologoek diotenez, janari-alergien intzidentzia gero eta handiagoa da, bai helduengan eta bai umeengan ere. Gaur saiatuko gera gai honi buruz gauzatxo batzuk argitzen.

Alergiak gero eta herritar gehiagoei eragiten die. Erreakzio hoien erantzuleak, janariak edo elikagaiak izan daitezke, baina baita ere, beraiei eransten zaizkien ongailu, koloragarri eta kontserbatzaileak ere. Izan ere, elikagai batzuetan substantzia alergenoak badaude. Janari-alergia eta intolerantziak, aurrez ohartarazi gabe agertzen dira. Askotan, alergia eta intolerantzia kasuak nahastu egiten ditugu, baina beraien arteko desberdintasuna garbia da: alergia gertatzen denean, gure sistema inmunitarioak erreakzioa sorterazten du; intolerantzia dagoenean ordea, ez.
Pertsona baten inmunitate-sistemak substantzia jakin baten aurrean (kasu honetan janari baten aurrean) “ezohizko modu batean” erreakzionatzen duenean, antigorputzak sortzen ditu gure organismoa babesteko intentzioarekin, eta orduan, alergia bat agertzen da. Alergia honek ematen dituen sintomak oso arinak edo oso larriak izan daitezke: gonbitoak, arnasketa arazoak, azaleko gaixotasunak etb. Gehienetan, alergien sintomak janaria kontsumitu eta berehala agertzen dira. Badirudi, janariaren eta sintomen arteko erlazioa ezartzea errexa izan behar duela baina errealitatean gauzak ez dira hain argi azaltzen. Beti, edozein susmoaren aurrean, espezialistarengana jo behar dugu, medikuak diagnostiko zehatzagoa egingo bait du.

Honelako kasu baten aurrean, komenigarria da kontutan izatea ze janari motak hartu ditugun sintoma alergiko hoiek azaldu aurretik. Eta zer gertatzen da haurrekin? Urtebete azpiko haurretan batez ere, kontutan eduki behar dugu, sistema inmunologikoa ez dagoela erabat heldua; bere elikaduran elikagai berriak piskanaka sartzen dira, eta zer lortzen da honekin? Ba haurraren gorputzak janarien aurrean modu desegokian ez erreakzionatzen laguntzen du. Eta errekzioren bat egongo balitz, errezago jakin ahal izango dugu ze janari mota izan den erantzulea.

Intolerantzien kasuan, elikagaia digestio-sistemarekin kontaktuan jartzean sortzen da arazoa, sistema horrek onhartzen ez duelarik. Honen ondorioz, gonbito edo beherakoa azaldu daitezke, eta ez du inolako erlaziorik inmunitate-prozesuarekin. Ezagunena, esnearekiko intolerantzia izan arren, posible da ere arraultzak ez onhartzea.
Prozesu hauek ulertzeko, kontutan eduki behar degu, alergia sortzen duena, ez dela produktu bera, baizik eta bere osagairen bat, adibidez proteina bat. Eta kasu batzuetan gerta daiteke, proteina horrek, elikagaia gordinik dagoenean kalte egitea, baina prestatzerakoan eta berotzean ordea kalterik ez egitea (proteina horrek desnaturalizazio prozesu bat jasaten duelako). Ikusten dugunez, faktore desberdinak eragin dezakete alergia eta intolerantzia prozesu hauen inguruan. Dena den, arazo hauen jatorria detektatzen denean, dietaren bitarteko tratamendua da eraginkorrena, hau da, alergia sorterazten duen elikagaia ez hartzea. Gerta daiteke ere, urte batzuk pasata sistema inmunologikoa normalizatzea eta hasiera batean alergia sortzen zuen elikagaia azkenean onhartzea.

Bukatzeko, hona hemen elikagai taldetxo bat, ohikoak diren alergien erantzule: garia, behi-esnea, arraultza, fruitu lehorrak, arraina eta itsaskiak, soja eta fruta batzuk (adibidez, kiwia, melokotoia eta marrubia).