679 934 888 aeunanue@gmail.com

Digestio arazoak… Zeliakia?

 

 

Digestio-arazoak? Askorentzat egoera hau ez da hain arraroa, ezta? Tarteka beherakoa, oso desatsegina batez ere sabeleko minekin azaltzen denean. Beherakoaren ezaugarria, maiz eta likido libratzea izateaz gain, ahultasun sentsazio orokor batekin agertu ohi da. Prozesu honetan, ura eta elikagaiak heste mehar eta heste lodian pilatzen dira eta ez dira xurgatzen hantura baten ondorioz, hesteetako paretan infekzio bat dagoelako, hesteetako mugimenduan alterazio bat dagoelako edo baita ere oztopo bat azaltzen denean hesteetako edukinaren aurrera jotea oztopatuaz.
Beherakoaren jatorria oso desberdina izan daiteke; estresa adibidez, elikagai konkretu batzuk gehiegi jatean (adibidez, aranak), egoera txarrean dauden elikagaiak jatean edo zenbait botiken eraginaren ondorioz (adibidez, antibiotikoak). Baina zenbait gaxotasunen ondorioz ere eman daiteke noski.
Beherakoa, hestearen paretan narritadura bat ematen denean azaltzen da, bai infekzio baten ondorioz, substantzia toxiko edo pozoitsu baten ondorioz edo baita ere arazo organiko baten ondorioz, adibidez absortzio arazoak zeliakia baten kasuan.

 

Baina zer da zeliakia? Zeliakia arazo autoinmune bat da; sistema inmunologikoak glutenaren aurrean erreakzionatzen duelarik. Glutena, garia, garagarra eta zekalean dagoen proteina mota bat da. Zenbait pertsonak oloaren aurrean ere erreakzioa izaten dute. Glutena degradatzen denean, Gliadina izeneko konposatu bat ematen du eta Gliadina honek erantzun inmunoaktibo bat eragiten du, hantura eta suntsidura zelularra eraginaz. Egoera honetan heste meharreko estaldura kaltetuta gelditzen da eta ondorioz, nutrienteen absortzio oker bat ematen da eta honek, urritasun nutrizional, anemia eta osteoporosia izateko arriskua handitu egiten du noski. Sintomak oso desberdinak izan daitezke, apetituaren galera, pisu galera, gonbitoak, beherakoa, distentsio abdominala, hazieran atzeratzea, tripako minak edo anemia burni faltagatik adibidez. Beste seinale batzu ere batera ager daitezke, adibidez, Dermatitis Herpetiformea, aftak, neruopatiak, nefropatiak, anemia ferropenikoa edo artritisa.

 

Zeliakia ez da beti detektatzen edo ongi diagnostikatzen sintomatologia ez delako beti oso espezifikoa eta batzutan sintomak ere ez dira agertzen, hesteetako arazo txikiekin nahastuaz. Gainera, askotan pentsatzen da zeliakoek pisu bajukoak izan behar dutela baina ez da beti horrela izaten. Gaur egun, orokorrean, zeliakiaren susmoa dagoenean, dietako glutena kendu edo ezabatu aurretik diagnostikoa egitea gomendatzen da. Honetarako odoleko analisisa egiten da , eta , maiz, heste-meharreko biposia (medikuak erabakiko du kasu bakoitzaren ezaugarri eta analisietako emaitzen arabera).
Dirudienez, kasu hauetan, bizitzan zehar glutenik gabeko dieta eramateak, heste-meharra berriz osatzea posible egiten du. Orokorrean glutena, ogia, gosarietako zereal, pasta, pizza, pastelak eta galletekin erlazionatzen dugu. Baina glutena, zenbait elikagaiei egitura hobea emateko ere erabiltzen da (saltxitxa, saldetako produktu, zopa edo saltsak). Baita ere edari malteatu edo zerealen hortziduratik lortzen diren edariak (adibidez, garagardoa eta zenbait likore).
Jakin gabe edo konturatu gabe glutena kontsumitzea gerta liteke ere, adibidez, kutsadura gurutzatuetan. Zeliakia duten pertsonak, glutenarekiko sentsibilitatea oso desberdina agertu dezakete, eta gomendagarria da beti glutenik gabeko elikagaiak tresna independienteekin prestatzea, kasu batzuetan traza txiki batek erreakzioa eman dezakelako.

 

 

Gaur egun, elikagaiak etiketatzeko orduan, glutenarekin erlazionatutako legeak gero eta zorrotzagoak dira. Elikagai bat produzitzeko orduan glutena erabiltzen bada, etiketan azaldu egin behar du. Bai ekoizle eta bai merkataritza mailan, sinbolo bat erabili dezakete (ale marratu baten itxurarekin) zeliakia duten pertsonek ezagutzen dutena eta noski, modu honetan, beraientzat seguruak diren produktuak aukeratzen asko laguntzen zaie.