679 934 888 aeunanue@gmail.com

Ez dut egarririk!

 

Batek baino gehiagok pentsatuko du, ondoan dugun honek zenbat ur edaten duen, baina nik ia inoiz ez dut egarririk sentitzen! Hala izaten da askotan, bai , baina bizidun guztientzat ura beharrezkoa da. Eta gizakiok, ur kantitate bat elikagaiekin batera hartzen dugu, hau da, elikagaien konposaketaren barne dagoen ura. Baina hau ez da nahikoa gure behar fisiologikoei aurre egiteko.

Fruta eta barazkiez beteriko elikadura bat eman arren (ur kantitate altuko elikagaiak dira) , ura edatea beharbeharrezkoa da. Edari baten funtzio garrantzizkoena, gure organismoari ura ematea da eta bere barne disolbaturik zenbait substantzia izan ditzake; hauek, bi motakoak izan daitezke:
– Elikagarriak: bitaminak, mineralak, fruta eta barazki zukoetako azukreak. Esnean adibidez, koipe eta proteinak ere badaude.
– Ez elikagarriak: adibidez, kafeina, alkohola edo zenbait gehigarri (neurriz hartu behar direnak osasunarentzat kaltegarri ez izateko).
Baina zenbat ura behar dugu? Eta egarririk sentitzen ez badut? Zihur jende asko egoera honetan dagoela, ezta? Halaxe da, baina hala ere ura edatea beharrezkoa da , izan ere, egarria sentitu baino lehen edan beharko genuke, batez ere, aktibitate fisikoa egiten ari geranean.

Gure gorputza ura galtzen ari da jarraian, prozesu fisiologiko askoren bitartez: arnasketa, izerdia, gernua , gorotzak…Galera hoiek konpentsatu ahal izateko ur kantitate nahikoa edan behar degu, eta posible bada, gehiago. Suposatzen da 70 kg pisatzen dituen heldu batek 2600 ml-ko galerak dituela gutxi gora behera. Elikagaien barne dagoen ura eta hauen metabolizazioaren ondorioz sortzen dena kontutan izanik, 1100 bat ml dira. Beraz, beste 1500 bat ml (1,5 litro) ur beharko genituzke egunero. Eguraldia beroa bada edo kirola egiten ari bagara , noski, behar hauek altuagoak izango dira.

Eta ze abantailak ditu hidratazio egoki batek?
– Giltzurruneko funtzioa hobetzen da, gernu kantitatea handiagoa eta argiagoa lortuz. Honela, giltzurrunek odola hobeto garbituko dute eta hondakin substantziak errestasun handiagoz desagerraraziko dute.
– Giltzurrunean harriak sortzeko arriskua txikiagoa izango da.
– Gorotzak ez dira hain lehorrak izango eta ondorioz errestasunez kanporatu ahal izango dira.
– Nekea eta errendimendu fisikoarekiko erresistentzia handitzen da.
Eta seguraski,batek baino gehiago jakin nahiko du, freskagarriek funtzio bera betetzen duten ala ez. Honi erantzuteko, esan dezakeguna da, alde batetik, ura hartzeko modu bat ba dela, baina, bestalde, ez dute egarria kentzeko balio. Azukrea eta beste zenbait substantzia kimikoak direla eta, freskagarri askok, likido gehiago edateko gogoaren sentsazioa uzten dute eztarrian eta ondorioz , egarria handitu egiten da. Edari karbonikoei dagokionez, kontutan edukitzekoa da ere urdailean narritadura sor dezaketela, beraz, kontuz digestio arazoak baditugu.

Beraz, dudik gabe, bai osasunerako eta bai egarria kentzeko onena ura da.
Ur baso bat edo bi edateko momento egokiena ,esnatzen geranean izaten da, eta hobe epela hotza baino. Honekin, gauean urdailean gelditzen diren jariakinak garbitzen ditugu eta giltzurrunen funtzioa bizkortzen da.