679 934 888 aeunanue@gmail.com

Gozoaren atsegina

 

Urte berriaren hasieran, asmo eta intentzio onak izaten ditugu; hoien artean, gabonetako gehiegikerien ondoren, gure elikadura berriro zaintzea , kilotxoren bat hartu badugu hoiek jeistea, eta ariketa fisikoa berriro egiten hastea. Izan ere, janariekin egiten ditugun gehiegikeriak izugarri antzematen ditugu, bai digestioari dagokionez eta bai gorputzaren pisuari dagokionez. Ospakizunak direla eta, ohikoa baino gehiago jaten bait da egun hauetan eta ondorioz pisua igo egiten da. Oraindik ez du berorik egiten, eta behar bada, eguraldi txarraren ondorioz, udaberrian baino gehiago kostatzen zaigu zaintzea. Baina gehiengo batek ospakizun hoien ondoren digestio pisuagoak eta bihotzerreak ere izaten ditugu, eta sentsazio hoietaz baliatu gaitezke aurrera pausoa emateko, gorputza bera bait da garbitu edo araztu beharra duela ohartarazten ari dena. Kontutan eduki behar dugu, egun hoietan, normalki baino azukre, koipe edo alkohol gehiago hartzen dela, eta noski , horrek, bere ondorioak ditu.

Eta askok eta askok pentsatuko dezuen bezala, nola kostatzen zaigun berriro elikadura ohitura onetara itzultzea!
Baina ez da hain arraroa, izan ere, egoera honen aurrean badira gure organismoan zenbait erantzun fisiologiko. Elikagai batzuk,( adibidez gozoak eta txokolatea) tristura, larritasuna edo urduritasuna ordezkatzen dute lasaitasun edo zoriontasun sentsazio bat emanez. Elikagai hauek duten azukre kopuru altuak, gure gorputzeko serotoninaren ekoizpena handitzen du. Serotonina, garuneko neurotransmisore bat da eta funtzio garrantzitsua betetzen du, adibidez, egoera hauetan: gure aldartea edo umorean, antsietate mailan, loaren kalitate eta kantitatean , minaren somaketan, eta elikadurarekiko jokaeran. Serotonina kantitate txikiagotan jariatzen denean edo bere konzentrazioa jeisten denean, tristura, depresioa, uzkurdura edo buruko minak ere sentitzen dira, odol hodiak dilatatzen direlako. Hormona honek substantzi lasaigarri eta depresioaren aurkako bezela jokatzen duela deskribatu izan da. Bere konzentrazioak gau aldean handitzen dira, logurea azaltzen delarik, eta konzentrazio hoiek altu mantentzen dira egunsentia iritsi arte.

 

Eta zein atsegingarria den txokolatea! Askorengan erakarpen geldiezin bat sortzeko gai da entzutearekin bakarrik, eta batzutan, kontrolik gabe jaten dutenak ere ba dira. Izan ere, txokolateak ezaugarri organoleptiko bereziak ditu, eta nutrizio-osaketa desberdina. Ba ditu ere zenbait konposatu farmakologiko, gure aldartean eta umorean, eta gure borondatean eragina dutenak (adibidez, feniletilamina). Bere gantz-azidoak, ahoan desagiten dira gorputzeko tenperaturarekin eta honen ondorioaz elikagai honek palatabilitate erakargarria lortzen du, pertsona askoren gustokoa izanik. Bere azukre kopuruaren ondorioz ere, serotonina bajuxamar egotean sentitzen dugun tristura edo depresioaren aurrean, txokolate puska batek umorea hobetzen digu.

Dena dela, serotonina igotzeko irtenbide bakarra ezin du izan gozokiak kontrolik gabe jatea. Elikadurari dagokionez, aipatzekoa da triptofano aminoazidoa, Serotoninaren eraketan aurrelari moduan parte hartzen bait du eta honako elikagaietan aurkitu dezakegu: lekaleak, fruitu lehorrak, esnea, arraia eta haragian. Ariketa fisikoa ere serotonina igotzen lagungarri dela egiaztatu da, batez ere atari zabalean egiten denean eta barreak ere, eragin berdina omen du serotoninaren ekoizpenean.

Urte berri on!