679 934 888 aeunanue@gmail.com

Urtaro aldaketan ezin asetu?


Abuztua joan zaigu eta udazkena gerturatzen doa. Temperatura aldaketak, gure gorputzean aldaketa fisikoak eta animikoak sorterazten ditu. Urtaro honetan ere eguzki ordu gutxiago izaten ditugu. Egoera honekin batera, berriro presak eta estresak etortzen dira eta gure organismoan izugarrizko eragina dute. Hilabete hauetan pertsona askok digestio pisuagoak izaten dituzte, nekea, bitalidade eza…Aldaketa fisiko hauetaz gain, tristura eta makalaldia ere agertu daitezke. Eta egoera hauei aurre egitea posible da ¿nola? ba sasoi honetan agertzen diren elikagaietaz gozatuz.
Urtaro aldaketak ematen direnean, gure organismoak askotan elikagai desberdinak eskatzen dizkigu. Hau dela eta, ez da arritzekoa udazkeneko lehen hozteekin janari beroagoak eta pasta edo ogia jateko gogoa edukitzea. Gluzidoak edo karbohidratoak, beharrezkoak izaten dira gure gorputzak temperatura berriei aurre egiteko. Esaerak dion bezela , gure gorputza jakintsua da eta askotan komeni zaigu kaso egitea. Naturak, hilabete hotzetan eskeintzen dituen elikagaiak aproposak bait dira aipatutako egoera hauei aurre egiteko. Baina beti gauzak ez dira hain zehatz ematen , ezta? Saiatuko gera aztertzen zergatik egoera desberdinen aurrean modu batera edo bestera erantzuten dugun. Gure organismoa oso sistema komplexua da eta lehenengo pausoa, garunak duen zeregina aztertzea izango da, bera bait da irensketaren erregulatzaile nagusia. Hipotalamoan kokatzen dira bi gune: gosearen eta asetzearen guneak. Beraien funtzioa erabakikorra da gure elikadurarekiko portaeran.
Garunak seinale desberdinak detektatzen ditu eta horren arabera, sustantzi (peptido) desberdinak jariatzen ditu , gure jateko gogoa handitu edo txikituko dutenak. Adibidez: luzaro jan gabe bagaude , garunak sustantzi hoien ekoizpena handitzen du gure jateko gogoa handitzeko (adibidez, Y neuropeptidoa). Gauza bera gertatzen da ere estresaren aurrean. Honek argituko luke zergatik estresatugoak gaudenean, gehienetan, gehiago eta okerrago jaten dugun. Baina kontrakoa ere ematen da; gure organismoak oreka bat bilatzeko bere bideak dituenez, beste sustantzi batzuk (adibidez, kolezistokinina) jariatzen ditu gure jateko gogoa asetzeko, bazkari on baten ostean gertatzen den bezala. Ikerketa asko egin dira guzti honen inguruan, elikadurarekiko portaeran arazoak dituztenei lagundu ahal izateko. Zenbait pertsonek, gosearen eta asetzearen seinale fisiologiko hauei erantzuteko ahalmena nolabait galdu egiten bait dute. Honen ondorioz, kanpoko eraginen arabera jaten dute, adibidez, eguneko ordua, gogoetak, sentimenduak, bizitza soziala edo lagunartea. Gure bizimoduaren erritmoak ere gutxi laguntzen du lan honetan. Ikusi dugun bezela, asetzeak denbora bat behar du zenbait fenomeno jarraian ematen bait dira. Zutik, presaka eta lasaitasunik gabe jaten badugu, urdailetik eta hesteetatik garunera iritsi behar duten seinale guzti hoiei ez diegu nahiko dembora ematen asetuta sentitu ahal izateko.
Beraz, mantxo jatea oso garrantzitsua da, noski, gure urdailak ere eskertuko du.